Ermitabarri ermita

Enezubi·k

04/30/2011 - 09:28

San Antonio de Padua Ermita. Zeberio (Ermitabarri)
San Antonio de Padua Ermita. Zeberio (Ermitabarri) ©Enezubi (20260826)
644 klik
Mota:Ermita
Beste izenak: Paduako San Antonio
Udalerria:Zeberio
Mendea: XVIII
Iraupen egoera: Bueno

San Antonio Paduakoren ermita-santutxua Ermitabarri auzoaren erdialdean dago, eta izen horrexegaz da ezaguna, hain zuzen.

Biderantz zabaltzeko –santutxuei jagoken moduan–, orientazinoak araua hausten dau, eta ipar-sortaldetik hego-sartalderakoa da.

Oinplano angeluzuzenekoa da, nabe bakarra dauka, hiru ataletan bereizita -lehenengoaren zati bat burualdean sartuta dago- eta lau angeluko absideagaz (oraintsu arte erretaula nagusiak itsututa).

Eraikinaren aurrean eleizpe edegia dago, habeartea baizen altua.

Eraikuntza hormarri txikikoa da, errekarri ugarikoa. Hormearen egiturea apala da, kareharrizko harlandu handiz sendotua bazterretan, horma-bularren itxituran eta zokaloak eratzean; zimentuen urteeran, ostera, ondo landutako piezak daukaz. Fatxadea be harlanduzkoa da.

Hormen errematea garaibandea daukan erlatx batek zehartzen dau, eta horma-bularretan be hedatzen da erlatx hori.

Material hori agerian dago, gangen barrualdean izan ezik.

Zoladureak harmaila pare batera igoten dau lehenengo zatiaren erdian, eta beste harmaila bat gehiago burualdean. Halanda ze, presbiterioaren aurreko espazio bat eratzen dau. Harlauzaz jantzia da, goiko zatietan antxinakoa, eta gainerakoa oraintsu egina.

Ordena toskanarreko harlanduzko pilastren  bitartez markauta dago oinplanoko zatien banaketea, kapitel urten samarragaz. Horreen gainean ezarrita dagoz gangako arku sortzaileak, parpain-arku erdizirkular lauak, eta, eskozien profilean, hormei itsatsitako arku formeroak.

Horma-bular bana jagoke pilastrei kanpotik , sekzino angeluzuzeneko alde bi bakotxeko, garaibandaz teilatuaren mailara eta erlatz orokorrera ailegetan diranak.

Gangea  kurutze-sistema sinple bat da, nerbioak, giltzarri biribil lauetan batzen diran eskozian, hurrenez hurren gitxituz mehetutako beheraguneen bidez, eranskinetarako zuloagaz. Adierazotako kapiteletan zurkaiztuta dagoz, eta, txokoetan, ontzi konikoko mentsuletan. Gangetako kaskoen bereizgarri moduan aitatu daiteke ahurtasun-dimentsino handia.

Burualdea be gangeaz estalduta dago, modu berean, ontzi-mentsula berdinakaz, eta nerbioak lora handirako alkartuta. Plaka lauaren gaineko garaipen-arku erdizirkularrak be lora-motibo bat dauka giltzarrian.

Teilatua isurki bikoa da funtsean, baina, eleizpearen gainean, isurki handi bat dauka erantsita, eta, presbiterioaren gainean, abanikoko hiru isurkiko bihurtzen da.

Portadea  bidera zabaldua da. Toskanar zutabeen artean dagoan laukizuzena da, eta gainean triangelu-formako frontoia dauka zaldiaren gainean dagoan eta behin baino gehiagotan pintatu daben Santiagoren irudi zakarragaz. Santutxuei jagoken lez, zirkuluerdiko arku handi baten edegita dago, kapiteltxu toskanarretan bermatuta. Osotasunak plaka lauko moldurea dauka, eta giltzarria presbiterioko arkuaren antzeko lora handi bategaz apainduta dago. Petril gaineko burdin sare handi bategaz ixten da, eta, bertan, galloi formako ur bedeinkaturako ontzi erdiesferiko batzuk dagoz.

Alboetan, pantaila hori ostiko baxuakaz indartuta dago, ezponda bihurgunetsuz errematauta. Elementu apaingarriak dira funtsean, fatxadeari markoa ezartekoak.

Argien gorputza osotzen dabe epistolearen aldean edegitako ateburu erako leiho bik, lehenengo atalean bata, isuri bikotxekoa, eta bestea burualdean, txikiagoa eta zuzenagoa. Madari-barroteakaz babestuta dagoz biak. Edozelan be, argia, gehienbat, oinaldeko portada handi edegitik sartzen da.

Eleizpe sakona funtsezko zatia da ermiteak daukan itxuran. 1999an hondoratu ostean, berehala zaharbarritu eben.

Jesarleku luzeak daukazan harrizko hormatxu batek zehaztuta, haren gainean, teilatuari eusten deutsien harrizko bost zutabeak dagoz. Podium lau garaia daukie horreek, eta oso lirainak dira, ordena toskanarrekoak, entasi moderatuagaz.

Zolarria errekarri txikiko enkatxoa da.

Ermitabarri bideen ondoan eta parrokia-eleizetatik hurbil dagozan ermita-santutxuen beste adibide bikain bat da. Gainera, XVIII. mendean hargintza eta arotzeria lantzeko eukien moduaren erakusle adierazgarria be bada, aurreko tradizinotik ateratako ereduak erabiliz: XVI. mendeak berezkoa eukan gangetako nerbioen profila, ostikoetako ezponda kiribilduetako manierista estiloko xaflatua, etab.

Moltso osoa elementu ikusgarria da, inguruko beste eraikin batzuk be inspirau ebazana; berbarako, fatxadako ostiko-sistemea, Udiarragako santutegian, Ugaon, errepikauta ikusi daikeguna.

Tenplua ordura arte Elezbaso izeneko lekuan eregi zan, baina, eregi ostean, Ermitabarri izena ipini eutsien.

Trazadurea Juan Bautista de Ibarrak egin eban, 1727an. Bertakoa zan Tomas de Ipiña Ereñoza (edo Aldecoa) harginak burutu eban obrea. 1728an amaitzekoa bazan be, 1730era arte atzeratu zan. Urte haretan ezarri eutsan teilatua Juan de Aldecoa Uribarrik, eta, urtebete geroago, Juan de Aldecoa Ibarrak ipini eban burdin sarea (antza danez, ez eban berak egin); Juan de Lecanda Zeberioko erlojugile eta sarrailagileak ikuskatu eutsan lana. Horrenbestez, eraikuntza amaitutzat emon eben, baina 1734ra arte gastu batzuk egon ziran.

Ermitea (eleizpea) 1991n zaharbarritu eben, baita 1998-2001ean2, eta, ostean, 2018an be, hormak pikau ebezanean, harlangatxa azaleratu, eta erretaula nagusiaren atzean ezkutauta egoan burualdeari “estalgia” kenduta.

Comments

No comments.

Near targets

Ermitabarri-Ibarra auzoa (68 m.ra) · Olabarrietako Santo Tomás Apostolua eliza (207 m.ra) · Santo Tomas eliza (228 m.ra) · Santo Tomas ermita (895 m.ra) ·

Beste mapatan ikusi

Waypoints