- Igiña
- Nuestra Señora de las Nieves
Igiriñaoko Edurretako Andra Maria ermita, berez, ez da eraikina, mendiaren aldapa harritsuan sartutako hormigoizko ganga baino.
Estalki honek lau angeluko eremu txiki bat barne hartzen dau. Aurrealdean, altuera erdiko hormarrizko hormatxoaz ixten da, erdian atea dauka eta goian egurrezko barrote biribilduen sarea.
Ermita hau 1905ean eraiki eben, “en memoria de otra que hubo en Arraba en tiempos en que funcionó el sanatorio en esta campa”1.
Hain zuzen be, 1899an tuberkulosiaren aurkako sendaetxe apala zabaldu eben Arrabako aldameneko landan, eta 1903an egurrezko kapera gehitu eutsoen. Honen ordez, beste bat jarri eben 1903an, adreiluzkoa, 13 x 5,6 m neurriak ebazana2. Andra Mari Zuriari eskeinitako ermita soila zan, nabea baino burualde estuagaz, oinaldean kanpai-horma eta sakristia txiki-txikia eukazana.
Handik gitxira bertan behera itzita -sendaetxeagaz batera- arrastoren bat edo beste baino ez da geratzen ermitaz. Esan dogunez, honako hau jarri eben haren ordez, lehengo kokapenetik kilometro ingurura. Tenplu barriak irudi titularra eta kanpaia aprobetxatu ebazan.
Ermita, jakina, txikiegia zan eta, horregaitik, handiagoa eraikitzea eskatu zan eta baita baimena lortu be. Egitasmoa egin zan estilo ’neovasco’ dalakoan egindako tenplua eraikitzeko. Eraikitzen hasi baziran be, lanak ez ziran sekula amaitu4.
Orain dala berrogeta hamar urte ingurura arte, tenplu honetan meza emoten zan domekero Gorbeiako artzainak kontuan hartuta, honeentzat inguruko parrokiak (Zeanuri, Orozko, Zeberio) urrun egozan-eta. Inguruko komentuetako fraileek emoten eben meza hori.
Ermita honen -eta inguruko beste batzuen- inguruan istorio bitxia kontatzen da. San Inazio egunez jai handia egiten zan bertan, dantza eta guzti. Baina Zeanuriko abadeek “agarrado” dantza debekatuta eukienez, unea heltzen zanean, dantzariak metro batzuk mobiduten ziran Orozkora heltzeko, han abadeak ez ziran-eta hain zorrotzak.
Comments
No comments.
Near targets
ZASTEGIKO LANDA tumulua (265 m.ra) · ZASTEGI zutarria (414 m.ra) · Gatzarrieta mendia (832 m.ra) · Aldamin mendia (836 m.ra) · IGITAIA 1 tumulua (917 m.ra) · ZASTEGIKO LANDA 2 tumulua (967 m.ra) ·

