San Migel Goiaingeruaren eliza Araotz (Oñati) auzoko parrokia da. Elizondo auzunean dago kokatuta, herriaren erdigunean. XV. mendekoa da hasierako eraikina, estilo gotikoan eginda, eta lehenengo aipamenak 1494koak dira.
Historian aurrera, osagaiak gehitzen joan ziren XVI eta XVII. mendeetan. Erretaula nagusia 1727an egin zuten Pedro de Quintana eta José de Urdaneta arkitektura aldetik, eta Domingo Zumaldek eskulturari dagokionez, estilo barrokoan. Zutabe salomonikoak ditu eta, San Migelen irudiaz gain, San Pedrorena eta San Joanena baditu. Goialdean Kalbario bat dago.
Kanpandorrea estilo neoklasikoan egindakoa da. Bertako erlojua 1851an egin zuen Francisco Paula de Abaituak. 20. mendera arte, joaldi desberdinak zituzten kanpaiek, haur bat hiltzen zenekoa, soinu finagokoa, Agerre auzora ematen zuen aldeko kanpaiak ematen zuen.
Eliza inguratuta dago arkupearekin, kanpoaldean zutabeekin. Sarbide nagusia plaza txiki batetik dago, atzealdean eskola zaharra eta bolatokia daudelarik. Sarreraren ezkerraldean, pasabide bat dago eta ate batetik hilerrian sartzen da. Eskuinaldean, berriz, elkartea edo "Saloia" dago, apur bat atzerago pilotalekua, eta aurrerago abadetxea.
San Joan egunez ohitura zen eliza honetan erruda eta apioa eraman bertara kutun zintzilikario batzuetan sarturik, eta apaizak bedeinkatzen zituen. Sorginkeria eta gaiztakeriaren kontrako babesa emateko edo.
Iruzkinak
Komentariorik ez..
Gertuko helburuak
Araotz auzoa (168 m.ra) · Andra Mari ermita (442 m.ra) ·

